XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11. Gutuna LABURRA BAINA ZABALA

Poetaren aberastasunik handiena bere baitan gordetako haurtzaroa dela esaten zuen Rainer Maria Rilke poetak.

Zenbat eta gogoan haurtzaroko oroitgarri gehiago eduki, hainbat eta poeta hobea izanen omen zen.

Poeta baldarrak haurtzaroaren ganbarara itzultzen gara, jakinen eta misterioen, klaritate eta iluntzeen, maitasunen eta arrarotasunen bila.

Errepasatzen dut ene haurtzaroa eta ez dut aurkitzen nagusiek haurrei buruz ditugun aurreritziak frogaturik, sarritan nagusiek idiota balira bezala hitz egiten diegu haurrei, erdipertsonak balira bezala, munduan biziko ez balira bezala.

Nagusiek asmatu ditugu umekeriak, ez haurrek.

Umea, bere tipitasunean, pertsona osoa da eta munduarekiko bere jakinmina ase ezinezkoa.

Nik gure osaba Anjel, bere lanbreta urdinean ibiltzen ninduenean, galderarik galdera gogaitzen nuen.

Enziklopediako ehun tomoak ikasiak beharko zituen ene galderei erantzun zehatza emateko, ene eta zergatik, eta zergatik, eta zergatik haiek eskailera luzearen malda antzera igotzen zirelako.